XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikuskatzaile moduan zer-nolakoa zen jakiteko ez dut inolako iturririk.

Marinelekin nolakoa zen jakiteko argi-izpitxoa ematen digun istorio edo kondaira bat badago Euzkadi aldizkarian argitaratua.

Kontakizun honek gainera zenbait argitasun ematen dizkigu Filipinetan eraman zuen bizimoduaz eta zituen pentsaera nahiz sentieraz.

Gogaide zuen Ramón Bikuñak kontakizun-liburu bat idatzi zuen Euzko Ikastola Batza-rako 1930 inguruan, eta liburura bildutako kondaira bat Gorgonio Renteriak kontatutakotik harildu zuen.

Gatozen gertaeretan oinarrituriko kontakizunera.

Filipinetan uharterik uharte salgai garraioan eta bidaiarien eraman-ekarrian aritzen zen itsasontzia, Gorgonio Renteriaren agindupeko ontziak ibilbidearen burua jo zuen, Manila hiriburua hain zuzen, eta zamarekin batean bidaiariak jaso zituen, hauen artean bi kaputxino nafar, Aita Noain eta Aita Zubieta.

Lehendik ere kaputxinoak baziren han, eta gure kapitainak harreman estuak zituen euskaldun buruñurdunekin.

Aipatu bi fraideak hango eskualde batera zihoazen misiolari moduan Jesusen Berri Ona zabaltzera.

Harrera beroa egin zien, ontziko gelarik onenak bereizi eta nazionalismoaz jarduteari ekin zioten.

Aita Ibero aipatzen zien kapitainak, eta kaputxino nafarrek gaitzesten zuten honen hautu politikoa, nafarren artean zatiketa eta eztabaida eragin zuelakoan.

Bitartean ontziko atzerritarrak mira eginik, hizkuntza ezezagunean entzuten zituztelako, eta eskifaiako marinel euskaldunak zurturik, euren kapitain ardurenik lehor eta larderiatsu agertzen zena ontzi-bizkarra zapaldu orduko, hain amultsu eta abegikor sumatzean.